UZTAILAREN 1eko HERRIKO KONTSEILUA

UZTAILAREN 1eko HERRIKO KONTSEILUA

2020ko uztailaren 1eko herriko kontseiluaren bilduma

Bigarren herriko kontseilua uztailaren 1ean KULTUR XOKOA egoitzan iragan da, bozkatzekoak baziren 19 deliberamendu. Oroitarazi nahi dugu herriko kontseiluak publikoari idekiak direla orduan horietan edonork parte har dezake.
Usaian bezala pasa den aldiko herriko kontseiluaren bildumaren onarpenarekin hasiak gira.
Bilduman ikusiz zonbat aldiz kakotxak erabiliak ziren gaiari buruz gehiengoa galdezkatu egin dugu.
Azpimarratu egin dugu hainbat aldiz kakotxen artean idatziak diren erranaldiak ez direla sekulan erranak izan. Hori dela eta gehiengoari galdetu diogu benetako erranaldiak idaztea kakotxen artean.
Kakotxen erabilpenak suposatzen duen bezala garrantzitsua iduritu zaigu gauza batzuk aldatzea ez baitziren zuzenak edo hobekiago erran gehiengoaren aldekoak.
Iduriz hogei minutako debatea ez da izan gehiengoko hautetsi batzuen gustukoa.
Aintzina segitzeko eta hurrengo herriko kontseiluetan debate horiek ez izaiteko gehiengoari proposatu diogu herriko kotseiluak grabatzen dituen Ahetzeko Herritaren Hitza elkartearekin harremanetan sartzea.
(hemen duzue herriko kontseiluaren bideoa https://youtu.be/KxEoZZRNo4c)

20200101 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA
CCAS eko KIDE KOPURUEN FINKATZEA eta HERRIKO BILTZARRAREN ORDEZKARIEN HAUTATZEA

Horra gehiengoaren zerrenda :
1. Odette ALDALURRA
2. Marie Christine BURUCOA
3. Françoise HARRIAGUE
4. Alba BERIAIN DUMOULIN
5. Catherine NAVA
6. Marie ARAMENDY

Hemen « AHETZEN » taldearen zerrenda:
1. FORDIN Maite
2. CAPENDEGUY Santiago
3. LABAT-ARAMENDY Ramuntxo

Erabaki izan da administrazio kontseiluan 8 kide izanen direla, auzapeza barne.
Gure zerrendako Maite FORDIN hautatua izan da kide izaiteko.

20200702 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA
SDEPA SINDIKATUKO ORDEZKARIEN IZENDATZEA

Deliberamendu honetan ere proposatu gira alta sorpresarik gabe gehiengoko zerrendako kideak hautatuak izan dira, GOYHETCHE jauna titularra bezala eta JUHEL jauna ordezko gisa.

20200703 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA
ELKARTEETAN ORDEZKARIEN IZENDATZEA

AHETZEN zerrendakoak ez gira proposatu izendatze horrendako.
Su prefekturako seguritate eta heltze erraztasun batzordean : JUHEL jauna titularra eta ordezko gisa GOYHETCHE jauna hautatuak izan dira.
Defentsarako ordezkaria : CHERON jauna
Ahetzeko osasun eta seguritate ordezkaria : NAVA anderea

20200704 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA
2020ko LUR ZERGAREN TASAREN FINKATZEA ERAIKIAK DIREN ETA EZ DIREN ETXEENTZAT :

Pasa den urteko tasa atxikitzea, hots %9.84, proposatu du gehiengoak.
Ikusiz egun jotzen eta joko duen sanitario eta ekonomiko krisiak AHETZEN taldeak tasa horren beititzea proposatu du, izan sinbolikoa ere lagungarria izaiten ahal zen aheztarrendako.
Gure proposamenari gehiengoak erantzun dio gutti gora behera 35000 euro galdu direla eta haien erranetan lehentasuna da herritarrekiko zerbitzuen berpiztea.
Gure proposamena demagogikoa eta populista kalifikatu du auzapez jaunak. Interpretazio arrunt bitxia bere partez zeren horren bidez elkartasuna baizik nahi genuen erakutsi aheztarrekiko.

20200705 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA
2020ko UDARAKO AISIALDI ZENTRORAKO LANGILEEN KONTRATATZEA

Horren alde bozkatu du AHETZEN taldeak herriko aisialdi zentroko funtzionamendua ahal bezain ongi segurtatzeko.

20200706 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA
202-2021ko « KANTINA, EGUERDIKO PAUSA, ESKOLALDI INGURUKO HARRERA3CANTINE, PAUSE MERIDIENNE, ACCUEIL PERISCOLAIRE ET ALSH » BARNEKO ARAUDIA

Barneko araudi honetan pagatzeko egoera larri batean diren familiendako arduradunekin harremanetan sartzeko eta haien egoeraz solastatzeko tarte bat eskas zela azpimarratu egin dugu. Auzapezaren arabera horrelako informaziorik ez dira beharrezkoak araudi honetan eta herrixka mailan egoera larri horiek detektatzea gai girela. Gure iduriko bere argudioa eskasa da, famili batzuen zailtasunak ez baitira beti ikusten ahal.
Bertzalde eri edo sukarrarekin den haur baten harrerari buruzko araudian xehetasunik ez izaitea azpimarratu dugu, beraz araudia zehazkiagoa izan dadin galdetu dugu. Jadanik gaia aipatua dela erantzun digu auzapezak alta ez da ezer gaiari buruz araudian. Berantago gaia berriz aipatuko dela eta hautetsiei batzordeetan gehiago parte hartzea gomita luzatzen die auzapezak.
Gure proposamenak onarturik ez izateagatik abstenitu gira, iduritzen zaigulako gure oharrak funtsezkoak eta egokiak direla.

20200707 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA
« BESTAK ETA ZEREMONIAK » ARTIKULUA

6232 kontuan « bestak eta zeremoniak » :
- besteei eta zeremoniei loturik diren ontasun, zerbitzu, gauza eta janari guziak ospakizunak, zeremoni ofizialak eta estreinaldak bezalakoak
- tokiko, kirol edo kultura gertakarien fresak,
- eguberriko kutxak herriko langileendako,
- Loreak, lore sortak, grabadurak, medailak eta presentak opariturik gertakari desberdinetan (ezkontzak, ehorzketak, sortzeak, erretretak)

Gaineko fresa guziak zabalak izanik eta kontagarri linea bakar batean kontaturik izanik, detaileak zehatzagoak izaitea galdetu dugu bertze bi kontagarri linea gehituz gauzak argiagoak izan daitezen:

-Noiztenkako gertakari edo herriko gertakari batzuei lotutako hautetsi edo herriko langileen jateko fresak.
-Bilkurak, tailerrak edo manifestaldiak antolatzeko hornidurei eta janariei lotutako fresak.

Bertze behin debatea izan dugu alegia ez ulertzea egin digulako gehiengoak eta irudikortasuna leporatu digute, alta ez gira batere horretan aritu nahi bakarrik gardetasunak animatzen gaituelako.
Deliberamendu horren kontra bozkatu du gure taldeak.

20200708 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA 2019ko HILHERRIKO DIRU EMAITE
20200711 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA 2020ko HILHERRIKO LEHENGO BUXETA
20200710 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA HERRIKO BUXETA NAGUSIAREN DIRU EMAITE
20200713 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA 2020ko HERRIKO LEHENGO BUXETA

Lau deliberamendu horien kontra bozkatu du AHETZEN taldeak buxetari doakionez gehiengoaren lehentasunak ez baitira gureak, eta begi onez ikusiko genuke bertze manera batez aritzea herriko buxetari buruz.

20200709 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA LOHIGETA DIRU EMAITE
20200712 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA 2020ko LOHIGETA LEHENGO BUXETA
20200716 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA LOHIGETA SALTZEKO LURREN PREZIOEN FINKATZE

Berehala azaltzen dugu LOHIGETAri buruzko deliberamendu guztien kontra bozkatuko dugula ez baitugu bat egiten gehiengoaren egiteko manerarekin eta besteak beste hautatua izan den tokiarengatik. Herrixkatik kanpo eta sakrifikaturik izan den oihane batean kokaturik, iduritzen zaigu proiektuak ez duela bat egiten egun plantan den lurren okupazioaren planarekin nun idatzia den erdiguneek dutela lehentasuna urbanizatzeko proiektu berriekin.
Erantzun gisa hirigintzako axuantak erantzun digu zuhaitz batzuk salbatuak izan direla eta lurren okupazioaren plana errespetatua dela hirigintza plana berria onarturik izan baita.
Horren ondotik 2019ko uztailako PLUari buruz debate bat piztu da eta aheztar hautetsi gisa ez dugula Ahetzeren interesaren alde aritu, elementu konkretuak desitxuratu ditugula eta egoerako alianziak lortu ditugula PLUa baliogabetzeko leporatu digu, besteak beste, auzapezak !
Gure engaiamenduari buruz solas mingarri horiek ez dira gai elkarbizitza aipatzen duen auzapez batendako. Alta buruan hartzen ditugu solas horiek eta aitzina segituko dugu gure ideiekin, erran nahi du interes orokorrari lehentasuna emanez eta herrien arteko zentzugabeko borrokan sartu gabe.

Gure taldeak deliberamendu horien kontra bozkatu du.

20200714 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA ELKARTEENDAKO DIRU LAGUNTZAK

Usaian bezala eztabaida frango izan da gaiarekin.
Urtero bezala diru laguntzak onartzeko ez da arau argirik eta erabakitzeko prozezu argirik. Horrek suposatzen du elkartearen arabera edota elkarteendako axuantaren umorearen arabera diru laguntzak emaiten diren ala ez.
Aurten gai horren inguruko komunikazioa nahi izan dugu aipatu. Ez baita komunikaziorik horren inguruan herriko komunikatzeko tresnetan. Bakarrik pasa den urtean diru laguntza bat izaitea lortu duten elkarteak jakinean dira…komunikazio ilun horrek galdezkatzen du.
Orotarat, 4 elkarteen dosierrak ez dira tratatuak izan, epearen data depasatu dutelako berdenboran dosier huts batzuk baikorki tratatuak izan direnean.
Azken 10 urteetan bezala UHABIA IKASTOLA elkartea baztertu dute, erabaki horri buruzko xehetasun gehiago izaitea galdetu dugu.
Aurten epearen data ez errespetatzea aitzakitzat baliatu du gehiengoak.
Orokorkiago ikastola inguruko diskurtsoaren inkoherentziak digu trabatzen. 2019 urtean Ahetzen bi herritako ikastola berri batek bere ateak ireki ditu heldu diren aheztar eta arbonar belaunaldientzat. Alta jadanik ikastoletan diren aheztarrak Bidarten eta Miarritzen eskolatuak dira. Azken finean ALHORGA ikastolari diru laguntza bat adostu da alta zergaitik ez eman UHABIA IKASTOLA eta ITAS ARGI ikastolei ? Gehiengoaren erantzuna izan da Ahetzen kokatua dela ALHORGA ikastola…irri egingarria den aitzaki horrekin saiatzen dira justifikatzen Bidarten eta Miarritzen 12 haur aheztarren baztertzea.
Guretzako horrelako boikotarik ez genuke ikusi behar gaur egun, ikusiz nola hauskorra den euskararen egoera ipar euskal herrian. Iduritzen zaigu gehiengoak politika egiten duela gaiarekin eta hori deitortu nahi dugu behin eta berriz.
Bertzalde bigarren urterako segidan zergaitik indar txiki bat ez duten egiten Miarritzeko gurutze gorriaren alde galdetu diegu, bakarrik 300 euro emaiten dizkiotelako kasik 30 aheztar laguntzen duen elkarte honi.
Taularen alde bozkatu dugu garrantzitsua iduritzen zaigulako elkarteen sareari elkartasuna erakustea eta espero dugu heldu den urtetik goiti kanpoan egoiten diren elkarteak barnean ikustea.

20200715 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA ELKARTEENDAKO DIRU LAGUNTZA - ALHORGA IKASTOLA
20200716 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA ELKARTEENDAKO DIRU LAGUNTZA - LES AMIS DE BABOUCAR
20200717 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA ELKARTEENDAKO DIRU LAGUNTZA - SCRAP OCEAN

AHETZEN taldeak diru laguntza horien emaitearen alde bozkatu du

20200718 ZENBAKIKO DELIBERAMENDUA – DIRU LAGUNTZA BATEN ESKAERA DETRen IZENEAN

KULTUR XOKOA egoitzako teilatua berritzeko diru laguntza eskaera bateri buruz ari gira hor.
AHETZEN taldeak alde bozkatu du.

Behin herriko kontseilua amaiturik, Maitek gutun bat irakurri digu esplikatuz ahetzetik alde egin zuela duela gutti eta gaizki bizi izan zuela auzapezak konfiantzarik ez erakustea krisi sanitarioa kudeatzeko hautetsien taldean ez onartua izateagatik, horretarako bere demisioa emana du.
Bere zerrendako kide guziak eskertu ditu gehi bera sustengatu dutenak.
Auzapezak maiteren kalitateak goretsi ditu, alta azpimarratu du nahi izan balu "hauteskunde eguna baino bi egun lehenago zartatzen ahal nuen zuen zerrenda". Ohartzen gira ez duela fitsik egin…

Azken urte horietan zehar Maitek hautetsi gisa eraman duen lana goraipatu nahi dugu baita ere izan duen zintzotasunez beteriko engaiamendua herrixkaren alde.
Azkenik gure zerrendakide eta herriko kontseilari berria den Gaelle CHARGOISeri ongi etorri berezi bat desiratzen diogu.